Mercadonaren logotipoa supermerkatu baten kanpoko aldean

Mercadonak La Palmako lehenengo denda inauguratu du

2018ko azaroaren 08a
  • Breña Alta udalerrian dagoen denda berria irekitzeak kalitateko 64 lanpostu egonkor sortzea ekarri du berekin.
  • Lau milioi euroko inbertsioa egin da supermerkatu berrian; 70 hornitzailek hartu dute parte haren eraikitze-lanetan, non 250 lagun baino gehiago aritu diren obra-fasean.
  • Mercadona bere saltoki-sarean ezartzen ari den Denda Eraginkorraren Ereduarekin bat dator supermerkatu berria. Atal guztietan ditu nobedadeak, eta hobekuntzak ditu ingurumenari, teknologiari eta zerbitzuari dagokienez, bezeroek are hobeto eta gusturago egin dezaten erosketa.

Mercadonak La Palma uharteko lehen supermerkatua ireki du Breña Alta udalerrian. Denda berria La Grama industrialdean dago, 4 milioi euroko inbertsioa ekarri du eta  64 lanpostu egonkor eta kalitateko sortu. Gainera, Mercadona bere saltoki-sarean ezartzen ari den Denda Eraginkorraren Ereduarekin bat dator. Zerbitzuaren bikaintasuna sendotzeaz eta bezeroen erosketa-esperientzia optimizatzeaz gain, eredu berri honek hobekuntza ugari dakartza, guztiontzat onuragarriak, bai “Nagusi”entzat (bezeroentzat), bai langile, hornitzaile eta gizartearentzat.

Breña Altako supermerkatu berriak 1.789 m2-ko azalera du, salmentarako gunean, eta 70 hornitzailek hartu dute parte haren eraikitze-lanetan, non 250 lagun baino gehiago aritu diren obra-fasean.

Diseinu erabat berritua du, aurreko saltoki-modeloekin alderatuta, kolore eta material berriak dituena, bai supermerkatura sartzeko kanpoko fatxadetarako, bai atalen banaketarako. Halaber, espazio irekien alde egiten du, argi naturala errazago sar dadin, eta kolore beroak erabiltzen ditu eremuak bereizteko.

Atal guztietan, gainera, nobedadeak ditu. Besteak beste, baditu berariazko apalak esne freskoarentzat eta zuku hoztuentzat; akabera-gune berri bat haragiarentzat; kosmetika espezializaturako erakustoki zentral bat lurrindegian; laranja zukutu berria eskaintzeko zerbitzu berri bat; erakusketa-gune berri bat arrandegian, produktu oskoldunetarako; labe-sail berri bat, ogia xerratan mozteko makina batekin, eta gozogintza hoztuarekin.

Gainera, beste zenbait hobekuntzaren artean, sarrera berria du, beira bikoitzekoa, haize-lasterrak saihesteko; korridore zabalagoak, erosketako orga modelo berri bat, eta saski-estiloko orga berri bat, askoz arinago eta ergonomikoagoa.

Teknologia eta ergonomia Mercadonako langileentzat

Horrez gainera, langileen eguneroko lanak errazteko, supermerkatu berri horrek askotariko neurriak ditu, ergonomia hobetzeko eta neurriz gaineko ahaleginik ez egiteko. Esate baterako, Mercadonako kutxetako altzari berria Valentziako Biomekanika Institutuarekin batera garatu da. Eremu komunak ere baditu dendak, langileak erosoago ibiltzeko atseden hartzen dutenean. Jangela ekipatuago dago, eta aldageletako armairu pertsonalak zabalagoak eta erosoagoak dira.

Halaber, Mercadonaren denda eraginkor berri hau teknologikoki erabat konektatuta dago, eta gailu elektroniko eta lankidetza-tresna berri batzuk ditu langileentzat, informazioa dendako edozein ataletatik partekatzeko; horri esker, supermerkatu bakoitza errazago autokudeatzen da, eta kate osoko prozesuak arintzen dira. Gailu berrien artean daude, besteak beste, kutxa-lerroa, balantzak eta, izapide administratiboak egiteko, tableta elektronikoak paperaren ordez. Horrek guztiak aukera ematen du prozesuak optimizatzeko eta denbora errealean izateko dendaren kudeaketaren berri. Hala, errazago hartzen dira erabakiak, eta kudeaketa azkartzen da —bereziki, produktu freskoena—. 

Energia-aurrezpena: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari dagokionez, hartu diren neurriei esker, % 40raino murriztu da energia-kontsumoa ohiko denda-ereduarekin alderatuta: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak optimizatu dira, horma eta sabaiak zabaldu, eta izozkailu horizontal berriak ezarri —eraginkorragoak dira energiari dagokionez, eta ingurumena gehiago zaintzen dute—. Horrez gain, LED argiztapen-sistema automatizatu bat jarri da, eremuen arabera eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena, energia askoz modu eraginkorragoan kudeatzeko. 

Supermerkatua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 9:00etatik 21:30era. Gainera, 197 tokiko aparkalekua du, erosketak egitera ibilgailu pribatuan joaten diren bezeroei laguntzeko; horietako 5 aparkalekuk ibilgailu elektrikoentzako kargatze-puntua dute. Horrez gainera, erosketa etxera eramateko zerbitzua ematen du Mercadonak, bai eta erosketa online egiteko aukera ere, webgune honetan: www.mercadona.es.

Saltoki berrian ere, bezeroek Mercadonaren BPB (Beti Prezio Baxuak) politika ezagunaren onurak eskuratuko dituzte; alegia, produktuen unitate-prezio baxuena bermatuko zaio bezeroari, eta kalitate onenarekin beti. Hala, produktu-aukera eraginkor bat eskain diezaieke Mercadonak bere bezeroei, edozein dela ere produktuaren fabrikatzailea, kalitaterik onenean eta ahalik eta preziorik txikienean.

2017ko ekitaldiaren itxieran, Mercadonak 480 milioi euro inbertitu zituen denda-eredu berri hau duten supermerkatuak irekitzeko eta beste batzuk egokitzeko.

Mercadona Kanarietan

Denda berri honekin, konpainiak 86 supermerkatu ditu Kanarietan. 2017ko amaieran, 4.331 langile zituen, guztiak enplegu egonkor eta kalitatekoarekin. Hornitzaile kanariarrei  496 milioi euroko erosketak egitera iritsi zen  2017an.

Mercadonak eta bere bitarteko hornitzaileek Kanarietan 2017an egindako guztizko inbertsioa 32,7 milioi eurokoa izan zen.