Mercadona 2017 Prentsaurrekoa

Mercadonak % 6 handitu du bere fakturazioa, 22.915 milioi euroraino, eta 5.000 lanpostu finko berri sortu ditu

2018ko martxoaren 13a

1.008 milioi euroko inbertsioa egin da 2017an, eta 1.500 milioi euro inbertitzea aurreikusten dugu 2018an —baliabide propioekin bakarrik—.

  • Denda Eraginkorraren Eredu Berri baten alde eta Frescos Global proiektuaren bidez bere produktu freskoen kalitatearen alde egindako apustuak, batetik, eta “Nagusia”ren beharretara gero eta egokituago dagoen produktu-aukera —produktu-aukera eraginkorra— izateak, bestetik, % 6 igo dute Mercadonaren saltokietako fakturazioa (saltoki-azalera konstantean), 75 tiket/denda/egun baino gehiago handituta.
  • Kalitateko 5.000 lanpostu egonkor sortu ditu 2017an, egunean 15, eta, guztira, 84.000 langile ditu kontratu finkoarekin.
  • 2017an, 322 milioi euroko irabazi garbia izan du —2016an baino % 49 gutxiago—. Irabazi hori bat dator akziodunek ahaleginak epe luzeko ikuspegiarekin jartzearen eta Mercadona eraldatzeko inbertsioa egitearen alde hartutako erabakiarekin.
  • Beste urtebetez, mozkin osoaren banaketak “partekatuz gero, zapore hobea du” printzipioari eutsi dio. Honela banatu du Mercadonak mozkin totala: 205 milioi euro gizarteari, zergatan, eta 313 milioi euro langileei, helburuengatiko sarien kontzeptu gisa. Eta mozkin garbiaren 322 milioi eurotatik, 202 milioi enpresan inbertitu dira berriz, baliabide propio gisa, eta gainerakoa akziodunen artean banatu da, dibidendu bidez.

Mercadonak % 6 handitu du bere fakturazioa 2017an, 22.915 milioi euroraino, eta bere salmenten bolumena % 5 hazi da, 11.586 milioi kilo eta litroraino (kilitroak). Saltoki-azalera konstantean, bi adierazleek bilakaera bera izan dute (% 6 baino gehiago fakturazioan eta % 5 baino gehiago bolumenean). Bi zifrek erakusten dute espero zen moduan doala konpainiak duela urtebete hasitako eraldaketa-estrategia. Halaber, horren adierazgarri da batez beste 75 tiket/denda/egun baino gehiago izatea 2017an.

Konpainiak hainbat mugimendu egin ditu urtean zehar enpresa eraldatzeko beharrezkoa zen inbertsioa egiteko 2017an jarri zen estrategia sustatzeko. Saltokietako berrikuntzei dagokienez, 157 supermerkatutan denda eraginkorraren eredu berria ezarri du, zeinak bezeroen erosketa-ekintza, eta saltzaileagoak eta espezialistagoak izateko ahalegina optimizatzen laguntzen baitu, Frescos Global proiektuaren bidez —dagoeneko ia 200 dendatan ezarrita dago—. Horretarako, konpainia hobekuntza handiak egiten ari da produktu freskoen ataletan: orain, besteak beste, harategietan kalitate hobeagoko produktuak dituzte, eta bezeroek haragia nola moztu pertsonalizatzeko aukera dute akabera-gunean; urdaiazpikoaren atal bat dago, berritua, urdaiazpikoa labanaz ebakitzeko eta hutsean ontziratzeko aukera ematen duena; arrandegiek, lonjako arrainaren proiektuari esker, tokiko produktuen aukera hobea dute eta zerbitzu hobea, eta sushi-produktuen aukera berri bat ere bada; eta labeko atal bat jarri da, produktu freskoagoekin eta bezeroen beharretara egokituekin.

Horrez gain, 2017an produktu-aukera eraginkorraren eredua, “Nagusia”rekin eta “Nagusia”rentzat sortua, sustatzen jarraitu du Mercadonak, gero eta Totaleragoa izateko. Horretarako, bere 16 koberrikuntza-zentroetan egindako lanari eta bitarteko hornitzaile eta hornitzaile espezialisten ahaleginari esker, produktu-aukera egokitzen jarraitu du, berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren bidez. Hala, 300 produktu berri eta hobekuntza baino gehiago txertatu ditu bere apaletan.

Mercadonako presidente Juan Roigek adierazi du 2017a inflexio-puntu bat izan dela Mercadona osatzen dugun guztiontzat. “Epe luzera begira ari gara lanean, eta pertsonen ahalegina erdigunean jartzen duen eraldaketa-proiektu disruptibo bat sendotzeko konpromisoa dugu. Hori lortzeko, uste osoa izan behar da, eta Mercadonako langileek eta hornitzaile espezialistek egunero “Nagusia”ren, gure bezeroen, gogobetetzea bermatzeko egiten duten ahaleginak du meriturik handiena. Haiek dira emaitza bikain hauek lortu izanaren arrazoia.”

Mercadona eraldatzeko egin behar den inbertsioarekin konprometituta

Eraldaketa estrategiko hori modu jasangarrian lortzeko, konpainiak, bere baliabideekin, 1.008 milioi euro inbertitu ditu, 2016an baino % 47 gehiago. Inbertsio-ahalegin horri esker, 29 supermerkatu berri ireki ditu —guztira 1.627 ditu—, eta beste 126 eraberritu ditu; guztiak Denda Eraginkorraren Eredu Berriarekin. Inbertsio hori produktu freskoen atal guztiak sustatzera eta bi koberrikuntza-zentro berri irekitzera ere bideratu du: bata, Paternan (Valentzia) eta bestea Matosinhos-en (Porto). Horrez gain, bloke logistikoak automatizatzeko eta langileen gehiegizko esfortzuak saihesteko proiektuak egin dira, Abrerako bloke logistikoan (Bartzelona) eta Gasteizkoan (Araba) obrak egin dira, eta Parc Sagunt-eko bloke logistikoa (Sagunt, Valentzia) eta datuak prozesatzeko Villadangos del Páramo-ko zentroa (León) eraikitzen hasi dira.

Eraldaketa digitalean egin dituen aurrerapenei dagokienez, Mercadonak negozio-aplikazioetarako softwarearen merkatuko liderrarekin, SAPekin, 5 urteko hitzarmen bat sinatu du, konpainiaren prozesuak eraldatzeko eta hobetzeko helburu disruptiboarekin. Aurrerapen teknologiko horien barruan, Mercadona online proiektua ere badago. Proiektu horren laborategiko hasiera-fasea 2018ko bigarren hiruhilekorako dago aurreikusita Valentzia hiriko barruti batzuetan, eta proiektuak barne hartzen ditu webgune berri bat eta mugikorreko aplikazio bat egitea eta banaketetarako biltegi bat (Colmena) eraikitzea Valentziako hirian, espresuki Mercadonarentzat diseinatutako hiru tenperaturatako ibilgailu espezifikoekin egiteko banaketa. "Probatzeko eta ikasteko” proiektu bat da, konbentzituta ahalmena duela onlineko “Nagusia” eta Kapitala gogobetetzeko (errentagarri egiteko).

Nazioartekotzea

Mercadonaren Portugalgo proiektuak aurrera egiten jarraitu du, eta beste inbertsio-kapitulu aipagarrienetako bat izan da. Matosinhoseko berrikuntza-zentroa irekitzeaz gain, iragarri da bloke logistiko bat eraikiko dela Póvoa de Varzim-en (Porto). Bloke logistiko hori Mercadonak 2019an Grande Porton irekitzeko asmoa duen lau supermerkaturekin batera irekiko da (hasi dira horietakoren batean obrak egiten).

Eta enplegua sortzeari dagokionez, 120 zuzendari baino gehiago kontratatu dira, eta lehenengo lau dendetarako taldeak hautatzen hasi dira.

Konpromiso irmoa lanpostu egonkor eta kalitatekoarekin: 5.000 lanpostu berri

Lanpostu egonkor eta kalitatekoarekin duen konpromisoaren barruan, Mercadonak 5.000 lanpostu berri sortu ditu 2017an. Hori horrela, ekitaldiaren amaieran, 84.000 langile zituen (% 64 emakumeak). Langile berriek, egunean batez beste 15, hilean 1.132 euroko sarrerako gutxieneko soldata garbia dute, eta lehendik Mercadonan lanean diharduen edozein langileren modura, konpainiak lana eta familia bateratzeko dituen politika berak eta haien trebakuntza- eta sustapen-aukera berak dituzte. Gaur egun, zuzendaritzako postuen % 47 emakumeek betetzen dituzte. Alde horretatik, konpainiak urtez urte trebakuntzan egiten duen ahalegina igo egin da 2017an: 65 milioi euro inbertitu ditu, eta 40.560 langilek jaso dute.

Mozkina partekatzea: gizarte-erantzukizuneko eredu bat

Mercadonak, beste urtebetez, bere printzipio hau berretsi du: “Arrakastak, partekatuz gero, zapore hobea du”. Bere mozkin osotik, % 35 (313 milioi euro) langileen artean banatu ditu helburuengatiko primaren kontzeptu gisa; % 25 (205 milioi euro) gizarteari itzuli dizkio, zerga gisa; % 25 (202 miloi euro), enpresan inbertitu ditu, baliabide propio gisa; eta gainerako % 15a akziodunen artean banatu du, dibidenduen bidez.

Hazkunde partekatuarekiko konpromiso horren bidez eta Valentziako Ikerketa Ekonomikoen Institutuak (IVIE) eguneratutako metodologiaren arabera, Mercadonak honela lagundu du Espainian aberastasuna sortzen: Mercadonaren ekarpena herrialdeko enplegu totalaren % 3 da, (545.000 lanpostu), BPGaren % 1,7 (19.500 milioi euro) eta merkatu nazionalean 17.533 milioiren erosketa egin du, hau da, konpainiak egindako erosketa guztien % 85.

1.500 milioi eurotik gorako inbertsio-errekor berria 2018an

2018an, Mercadonak beste inbertsio historiko bat egingo du, 1.500 milioi eurotik gorakoa, 27 supermerkatu irekitzeko. Supermerkatu berriak irekiko dira, besteak beste, Ceutan, Melillan eta La Palman, eta 200 supermerkatu baino gehiago berrituko dira Denda Eraginkorraren Eredu Berrira egokitzeko. Bestalde, Frescos Global proiektua ezartzen jarraituko du; aurreikusita dago aurten beste 200 denda baino gehiagotan ezartzea.

Horrez gain, Gasteizko (Araba) bloke logistikoa eta Abrerakoa (Bartzelona) eraikitzen jarraituko du, Valentziako onlineko biltegi berria eraikitzen eta datuak prozesatzeko Villadangos del Páramo-ko (León) zentroa eraikitzen, eta Parc Sagunt-eko bloke logistikoko obrei ekingo zaie (Sagunt, Valentzia). Aldi berean, Mercadonaren Portugalgo proiektuarekin aurrera jarraituko du: Póvoa de Varzim-en (Porto) bloke logistikoa eraikiko du, Gran Porton 2019an irekiko diren lau supermerkatuetan obrak egingo ditu, eraldaketa digitalaren proiektua garatuko du SAPekin eta onlineko proiektuari ekingo dio.

Inbertsio iraunkor hori konpainiaren beraren baliabideekin egingo da, eta hau da inbertsio hori egitearen arrazoia: akziodunek iaz erabaki zuten Mercadonaren erabakiak epe luzerako ikuspegiarekin hartzea. Izan ere, Juan Roigen arabera “epe laburreko mozkinean jartzen baduzu arreta, zaila da erabakiak hartzea, eta, orain, gure konpromiso sendoa da konpainia eraldatzeko inbertitzea. Hain zuzen, 2018tik 2023ra bitartean, baliabide propioekin, 8.500 milioi euro baino gehiagoko inbertsio bat egitea aurreikusi eta onartu da. Jendea harro egoteko moduko enpresa-eredu desberdin eta sozialki arduratsu bat eraikitzen jarraitu nahi dugu. Bide horretan egitea aurrera erabaki dugu Mercadona proiektua osatzen dugun guztiok, eta bide hori, 2017an lortutako emaitzak ikusita, ondo jorratua dago”.

Mercadona: 2017ko datu esanguratsu batzuk

 

Juan Roig Presidente de Mercadona Rueda de Prensa 2017

Juan Roig Mercadonaren 2017ko prentsa-aurrekoan.

 

 

2017. Urteko Memoria

Descargar