Mercadona inaugura su Nuevo Modelo de Tienda Eficiente
Eredu berria duten lehen bi supermerkatuak Puerto de Sagunto-n (Valentzia) eta Peligros-en (Granada) daude

Mercadonak denda eraginkorraren eredu berri bat inauguratu du, eta 180 milioi euroko inbertsioa egingo du 2017an eraberritze-lanak egiteko

2016ko abenduaren 14a
  • Denda eraginkorraren eredu berriak, denda tradizional baten aldean, “Nagusien” esperientzia hobetzen eta erosketa-denbora optimizatzen du, eta, gainera, % 40 aurrezten du energia.
  • Diseinu erabat berritua du: nobedadeak ditu atal guztietan, gailu elektroniko berriak, barne-kudeaketa informatizatua izateko, eta produktu-eskaintzaren kudeaketa hobea.
  • 2017an, Espainia guztiko 125 denda berritzeko asmoa du konpainiak.

Mercadonak, kapitalaren % 100 Espainiakoa eta familiarra duen supermerkatu-enpresak, denda eraginkorraren eredu berri bat jarri du martxan gaur. Eredu horren bidez, “Nagusien” erosketa-esperientzia hobetzen eta optimizatzen da (konpainiak bezeroei deitzen die “Nagusi”). Horretarako, 180 milioi euro inbertituko ditu 2017an eraberritze-lanak egiteko Espainia guztian barreiatutako 125 dendatan. Eredu berri hori dagoeneko martxan duten lehen bi establezimenduak Puerto de Sagunton (Valentzia) eta Peligrosen (Granada) daude.

Denda eraginkorragoaren eredu berria martxan jartzeko, 65 hornitzailek hartu dute parte eraikuntza-lanetan. Denda-diseinu berri bat du ereduak, giroka antolatua. Antolaera berri horrekin —2000. urtean abiarazi zuten—, hobetu egiten dira banaketa, dekorazioa eta atalen antolaketa. Konpainiak diseinu erabat berritu bat aurkeztu du, kolore eta material berriak dituena, bai supermerkatura sartzeko kanpoko fatxadetarako, bai atalen banaketarako. Espazio diafanoen alde egiten du, argi naturala errazago sar dadin, eta kolore beroak erabiltzen ditu atalak bereizteko. Halaber, instalazio ekoeraginkorrak ditu.

Nobedadeak atal guztietan

Denda-eredu berriak nobedadeak ditu atal guztietan, eta onurak dakartza nola “Nagusientzat”, hala langile, hornitzaile eta gizartearentzat. Adibidez, sarrera berria dago, beira bikoitzekoa, haize-lasterrak saihesteko; berariazko apalak daude esne freskoarentzat eta zuku hoztuentzat; erakustoki zentral bat dago lurrindegian, kosmetika espezializaturako; eta erakustoki berri bat arrandegian, besteak beste produktu oskoldunetarako.

Diseinu berriarekin, zerbitzu hobea eskaini nahi da, bezeroek erosketak errazago egiteko; horretarako, fruta- eta barazki-korridoreak zabaldu egin dira, eta saski-modelo berri bat eta erosketa-orgaren bi modelo ezarri dira, askoz ergonomiko eta arinagoak.

Langileen eguneroko lanak errazteko, eredu berriak askotariko neurriak barne hartzen ditu, ergonomia hobetzeko eta neurriz gaineko ahaleginik ez egiteko. Kutxako altzari berria diseinatzeko, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Horrez gain, konpainiak eremu komunak birdiseinatu ditu, langileak, atseden hartzen dutenean, erosoago ibiltzeko. Jangela ekipatuago dago, eta aldageletako armairu pertsonalak zabalago eta erosoagoak dira.

Energia-aurrezpena eta kudeaketa erabat informatizatua: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari dagokionez, hartu diren neurriei esker, % 40raino murriztu da energia-kontsumoa: isolamendu termiko eta akustikoa hobetu da, materialak optimizatu dira, horma eta sabaiak zabaldu, eta izozkailu horizontal berriak ezarri —eraginkorragoak energiari dagokionez eta ingurumena gehiago zaintzen dutenak— . Horrez gain, LED argiztapen-sistema automatizatu bat jarri da, eremuen arabera eta eguneko uneen arabera erregulatzen dena, energia askoz modu eraginkorragoan kudeatzeko.

Halaber, dendaren eredu berriak gailu elektroniko eta lankidetza-tresna berri batzuk ditu, informazioa dendako edozein ataletatik partekatzeko; horri esker, supermerkatu bakoitza errazago autokudeatzen da, eta kate osoko prozesuak arintzen dira. Horretarako, 2016an, 10 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da hobekuntza informatikoen I+G+Ban. Hobekuntza horiek garatzeko, 130 teknikari espezialistak baino gehiagok lagundu dute. Aurreikuspenen arabera, 5 milioi euro gehiago beharko dira 2017ko eraberritze-lanak egiteko. Gailu berrien artean daude, besteak beste, kutxa-lerroa, balantzak eta tableta elektronikoak erabiltzea paperaren ordez kudeaketa administratiboak egiteko. Horrek guztiak aukera ematen du prozesuak optimizatzeko eta denbora errealean izateko dendaren kudeaketaren berri. Hala, errazago hartzen dira erabakiak, eta kudeaketa azkartzen da —bereziki, produktu freskoena—.

Orobat, Mercadonak webgune korporatiboa birdiseinatu du: aurreko diseinua eguneratu du, erabilera erraztu, eta erabiltzaileekiko komunikazioa hobetu. Webgune berria sinpleagoa eta intuitiboagoa da, eta gailu mugikorretara molda daiteke. Webgunea garatzeko, 1 milioi euroko inbertsioa egin behar izan da, eta 30 teknikari espezialistak baino gehiagok hartu du parte prozesuan.

 

Mercadona. Peligros, Granada Mercadona. Puerto de Sagunto, Valencia. Mercadona. Peligros, Granada.

 

 

 

Denda Eraginkorraren Eredu Berri bat Mercadona

Descargar