Mercadonaren supermerkatu bateko beiratea, konpainiaren logoa duela

Alacant – El Poble Nou de Benitatxell-ek badu orain Mercadonaren Denda Eraginkor Eredu berria

2017ko abenduaren 04a
  • Erabat eraberriturik berrirekitzen du supermerkatu honek, 1,7 milioi euroko inbertsioa jaso ondoren. 40 hornitzailek hartu dute parte lanetan, eta hauek 90 pertsona baino gehiago kontratatu dituzte eraberritzea iraun bitartean.
  • Supermerkatu berri hau, teknologikoki guztiz konektatua, bezeroen erabateko erosketa esperientzia hobetzeko diseinua eta osoki eraberritutako atalak aurkezten ditu, eta denda tradizionalekin alderatuz, %40rainoko energia-aurrezpena lortuko da bertan.
  • Lehendik jardunean zegoen langile taldearen jarraipena ziurtatzeaz gain, beste 4 lanpostu sortu ditu konpainiak, egonkorrak eta kalitatezkoak.

Mercadonak supermerkatu bat berrirekitzen du gaur El Poble Nou de Benitatxell-en (Alacant), Morairatik Teuladarako errepidean, hain zuzen ere, konpainiaren Denda Eraginkor Eredu berrira egokitzeko egin zaion osoko eraberritzearen ondoren. Lan hauek 1,7 milioi euroko inbertsioa jaso dute, eta eraberritze fasean 90 lagun kontratatu dituzten 40 hornitzaileren parte hartzea izan. Banaketa, apainketa eta atal guztien kokapena hobetzen duen diseinu berri bat aurkezten du supermerkatu berriak, betiere “Nagusien” -konpainiak bere baitan hala izendatzen ditu bezeroak- erosketa esperientzia hobetu eta optimizatzeko helburuarekin. 

Mercadonak El Poble Nou de Benitatxell-en duen denda eraginkor berri honek 1.780 metro karratuko azalerako salmenta sala du eta aurreko denda ereduarekiko guztiz eraberritutako diseinuaz eginda dago, kolore eta material berriak erabiliz supermerkatuari sarbidea ematen dion kanpoko fatxadan zein atal ezberdinen kokapenean. Argiztapen naturala errazten duten espazio zabal eta gardenen alde apustu egiten du, bai eta kolore beroen aldekoa ere, dendako giroak bata bestearengandik bereizte aldera.

Berritasunak atal guztietan

Ildo beretik, atalez-atal ere badakartza berritasunak, “Nagusien” (bezeroen), langileen, hornitzaileen, eta gizartearen beraren mesederako. Baditu, esate baterako, haize-lasterrak saihesteko kristal bikoitzeko sarrera berria, esne fresko eta zuku hoztuarentzako lerro berri espezifikoak, bukaera-gune berri bat okelarentzat, kosmetika espezializatuarentzako gondola zentral bat lurrindegian, oskoldun produktuentzako erakusmahai berri bat arrandegian, sushi espezialitateak, laranja-zukua unean bertan ateratzeko makina, labeko atal berria, ogia xerratzeko gailuarekin eta gozotegi hoztuarekin, eta urdaiazpiko ontziratua zein moztekoa duen txarkuteria berria,beste berritasun batzuen artean.

Horrez gain, Mercadonaren Denda Eraginkor Eredu berri honek zerbitzurik onena eskaini nahi die bezeroei beren erosketa-ekintza errazteko orduan ere, fruta eta barazkien korridoreak zabalago eginez, eta orga-saski eta orga modelo berri bana ezarriz, askoz ergonomiko eta arinagoak.

Era berean, langileen eguneroko lanak errazteko neurri ugari txertatzen ditu supermerkatu eredu berriak, ergonomia hobetu eta gainesfortzuak saihestu nahian. Kutxa-altzari berria diseinatzeko, adibidez, Valentziako Biomekanika Institutuaren laguntza izan du Mercadonak. Supermerkatuak baditu, bestalde, langileek beren aisialdiko momentuez erosotasun handiagoz goza dezaten atondutako gune komunak, jateko gune hornituago bat, eta armairu pertsonal zabalago eta erosoagoak.

Energia-aurrezpena eta guztiz informatizatutako kudeaketa: denda ekoeraginkorra

Ingurumenari begira hartu diren neurriek %40rainoko energia-aurrezpena lor dezakete denda tradizionalen ereduarekin alderatuz gero. Alde batetik, isolamendu termiko eta akustikoari esker lortu da hau: eraikuntza osagaiak zein horma eta sabaien zabalera optimizatuz, eta energetikoki eraginkorragoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren izozte-kutxatzarrak erabiliz. Bestetik, LED argiztapen sistema automatizatua du ereduak, guneen eta eguneko orduen arabera erregulatzen dena, kudeaketa energetiko askoz eraginkorragoa lortuz.

Teknologikoki guztiz konektaturik dagoen Mercadonaren Denda Eredu Berri honek, halaber, zenbait gailu elektroniko eta langileen elkarlanerako tresna txertatzen ditu, informazioa dendako edozein aldetik parteka dadin ahalbidetzeko, supermerkatu bakoitzeko autogestioa erraztuz eta kate guztiko prozesuak azkartuz. Gailu berrien artean ditugu, besteak beste, kutxa lerroa, balantzak, edo papera ordezkatuz administrazio-kudeaketa errazten duten tableta elektronikoen erabilera. Honek guztiak prozesuak optimizatzea eta dendaren kudeaketa denbora errealean ezagutzea ahalbidetzen du, erabakiak hartzea erraztuz eta bizitasun handiagoa lortzen lagunduz, bereziki produktu freskoen kudeaketan.

Hauxe da supermerkatua irekitzeko ordutegia: astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 21:30etara; eta 275 tokidun aparkalekua du, ibilgailu pribatuz lekualdatzen diren bezero guztien erosketa errazteko. Halaber, etxerako zerbitzua eta online erosketa gaitu ditu Mercadonak.

Beste irekitze honi esker, Mercadonaren bezeroek konpainiak bakarrik erabiltzen duen B.P.B. (Beti Prezio Baxuak) merkataritza-politika ezagunaren onurak jasoko dituzte. Produktuen ale bakoitzeko gutxieneko prezioa bermatzean datza, kalitate gorena mantenduz eta era jarraituan. Honen bitartez, eskaintza eraginkorra eskaini diezaieke konpainiak bezeroei, kalitate handienaz eta ahalik eta prezio baxuenean, edozein delarik ere produktuaren ekoizlea.

Denda Eraginkor Eredu Berri honen arabera 126 denda eraberritzea aurreikusten du Mercadonak 2017ko ekitaldian, 180 milioi euro inbertituz Espainia osoan barrena; horrez gain, beste 5 milioi euro inbertituko ditu hobekuntza informatikoen I+G+Ban.

Mercadona Alacanteko Probintzian

Mercadonak 101 supermerkatu ditu Alacanteko probintzian presente dagoen 42 udalerrietan, eta enplegu egonkorra ematen die bertako 4.680 langileri. Nabarmentzekoa da, bestalde, iazko urtean zehar bere erantzukizun soziala indartu egin duela probintzia horretan, zenbait ekimenen bitartez; esate baterako, 20.300 kilo elikagai dohaintzan emanez Alacanteko Elikagaien Bankua Fundazioari. Lehengo irailean, izan ere 5.600 litro esne eta 6.300 litro olio entregatu zizkion berriro Alacanteko Elikagaien Bankua Fundazioari. Hainbat “Kilo Operazio”-tan aritu da ere, Gurutze Gorria, Caritas eta beste zenbait ongintzako erakunderekin elkarlanean, eta Elikagaien Bankuaren “El Gran Recapte” izeneko kanpainaren moduko ekimenetan parte hartu du, Probintziako udalerri gehientsuenetan dituen supermerkatuen bidez. Joan den 2016ko ekainetik aurrera Mercadonak Alacanteko La Prosperidad “San Gabriel” Auzo Elkarteko Jantoki Sozialarekin egiten du lan, salmentatik baztertzen dituen baina kontsumitzeko egoera onean dauden produktuak egunero emanez.