- Urte-erdi bete da #HauEZINdaGELDITU mugimendua hasi zenetik, alarma-egoera deklaratu eta egun batzuk geroago, helburu zehatz batekin: enpresek eta langileek egin zuten ahalegina aitortzea, beren jarduerarekin jarraitu baitzuten, ekonomiaren gurpila gera ez zedin.
- Maiatzaren 24an, deskonfinamenduan, #EAktibatu-k hartu zuen #HauEZINdaGELDITU-ren lekukoa, enpresek, enpresariek, langileek eta autonomoek susperraldi ekonomikoan egindako ahalegina aitortzeko, eta haien ideia eta ekintzei ikusgarritasuna emateko.
Duela sei hilabete, 2020ko martxoaren 16an, jaio zen #HauEZINdaGELDITU konfinamenduan lanean ari zirenak bildu eta ez geratzeko adorea eman zien plataforma; izan ere, langile haiek funtsezko hornidurak bermatu zituzten, egoera oso zaila izan arren. Lanik egin ezin zuten edo negozioa ireki ezin zuten enpresa, ekintzaile eta autonomo guztiek aktibo jarraitu zezatela bultzatzen zuen mugimendu horrek, une hartan gertatzen ari ziren arrakasta-kasu errealen berri emanez, eta adorea ematen zien haiek ere berritzaile izan zitezen, beren negozioa berrasma zezaten edo egoera berrira molda zitezen. Emaitza izan zen 3.000 enpresak egin zutela bat #HauEZINdaGELDITU plataformarekin, eta horiei maiatzaren 24tik gaurdaino #EAktibatu-rekin bat egin zuten 2.000 enpresa baino gehiago erantsi behar zaizkie; guztira 5.000 enpresak egin dute bat ekimen horiekin.
Bi proiektuek —#HauEZINdaGELDITU alarma-egoeran eta #EAktibatu deskonfinamendua hasi zenetik— bi helburu izan dituzte: batetik, gure ekonomia azeleratzea eta aktibatzea, COVID-19ak eragindako osasun-krisiak gure enpresa- eta industria-egituran izan dituen ondorio sozial eta ekonomikoak gainditzeko; eta, bestetik, eredu izanez gure ekonomiaren gurpila ez gelditzea lortzen duten enpresa, enpresari eta langile guztiak aintzatestea eta haien garrantzia nabarmentzea.
Hala, Estatu osoko sektore eta tamaina guztietako enpresek hartu dute parte. Horrez gain, herrialdeko erakunde ekonomiko garrantzitsuek ere hartu dute parte, hala nola merkataritza-ganberek eta enpresa-erakundeek, bai eta federazio, konfederazio eta elkarteek ere.
#EAktibatu-k plataforma bat du (www.eactivate.com), eta bertan egunero nabarmentzen dira gizarteari ekintzen bidez laguntzen dioten enpresen kasuak. Gainera, jendearen harrera oso ona izan duten atal batzuk ere baditu, hala nola enpresarien arteko elkarrizketak, aholkuak, txosten grafikoak, egunerokotasunaren azterketak eta ekintzaile txikientzat zein enpresari handientzat baliotsua den era askotako edukia. Ekimenak aktibazio-palanka nagusiak azpimarratzen ditu: digitalizazioa, jasangarritasuna, enplegagarritasuna, azpiegiturak, produktibitatea eta berrasmatzea.
Duela sei hilabete komunikazio-kanpaina hasi zenetik, 80 milioi inpaktu baino gehiago sortu dira telebista nazionaletan, eta, horietan, egindako ahalegina aitortuz, besteentzat inspiragarri izan zitezkeen 315 enpresa-kasu erakutsi ziren guztira. Ekimenak hedabideetako 1.200 albiste baino gehiagotan agertu dira, 1.400 eduki interesgarri baino gehiago sortu dira, eta webguneko atalek miloi eta erdi bisita baino gehiago izan dituzte. Une honetan, ekimenak 11.000 jarraitzaile baino gehiago ditu sare sozialetan; horri esker, edukiak 7,5 milioi erabiltzaile baino gehiagorengana iritsi dira.
Paula Llop proiektuaren koordinatzailearen hitzetan, “bai #HauEZINdaGELDITU ekimenak konfinamenduan eta bai #EAktibatu ekimenak orain milaka enpresa, ekintzaile eta profesionalen ahalegina aintzatesten lagundu dute. Egunero ikusgarri egiten ditugu bizkor erreakzionatzen dutenak berritzaileak izanez edo beren enpresa edo negozioa moldatuz, edo trebakuntza jasoz eta beren burua eguneratuz, uste dugulako adibide horiek inspirazio-iturri izan daitezkeela besteentzat. Eta hasieratik esan izan dugunez, kontua ez da ez gelditzea bakarrik, baizik eta azeleratzea. Ez da mugak jartzeko unea. Horregatik, jarduera ekonomikoa bultzatzeak duen garrantzian arreta jartzen jarraituko dugu, eta aktibo eta bat eginik jarraituko dugu, guztion helburua lortzeko: suspertze ekonomikoa ahalik eta azkarrena erdiestea”.
Bideoa gaztelaniaz
Gelditzeko unea ez delako, baizik eta azeleratzekoa.
Ez da mugak jartzeko unea.