Cookien erabilera

Gure berezko "cookie"-ak zein hirugarrenenak erabiltzen ditugu gunea egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu beren erabilera onartzen duzu.

Informazio gehiago eta cookie politika.

Paperezko eta material birziklatuzko poltsa berriak Mercadonan

2019ko apiriletik aurrera, Mercadonan, plastikozko poltsen ordez, paperezkoak eta material birziklatuzkoak erabiliko dira

2019ko otsailaren 05a
  • 2019ko otsailetik apirilera kendu egingo dira behin betiko denda guztietatik gaur egun erabiltzen diren plastikozko poltsak, eta, horien ordez, poltsa birziklagarri, berrerabilgarri eta birziklatuak jarriko dira. Pauso horrekin, 2018an 66 dendatan abiarazitako prozesuari amaiera emango zaio.
  • Bezeroek hiru aukera edukiko dituzte erosketak egiten dituztenean: paperezko poltsa, Mercadonako dendetako bilgarrien plastikoa birziklatuta egindakoa (% 50-70 da plastiko birziklatua), eta errafiazko saskia.
  • Mercadonak bezeroak animatzen ditu etxean ditugun poltsak eta saskiak berrerabiltzera, hartara, ekonomia zirkularraren printzipioak guztion artean sustatzeko.
  • Mercadonak Ekonomia zirkularra egingo du: bere dendetako bilgarrien plastikoa birziklatuta (3000 tona urtean), poltsak egingo ditu. Ekimen berde horretan, bezeroak, langileak eta hornitzaileak ere inplikatuko ditu

Mercadonak (supermerkatuak eta onlineko denda dituen konpainia) 2019ko apirilean amaituko du denda guztietan plastikozko poltsak behin betiko ordezkatzeko prozesua. Horien ordez, paperezkoak, errafiazkoak eta poltsa berrerabilgarri eta birziklagarriak jarriko ditu (azken horiek, gainera, bere dendetan jasotako bilgarrien plastikoarekin egiten dituzte —3.000 tona plastiko urtean—). Ekonomia zirkularreko ekimen hori martxan jartzeko, prozesuaren partaide bihurtu dira bezeroak, langileak eta hornitzaileak ere. Ekimen horretan, garrantzia duena da baliabideak aprobetxatzea eta horiek gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea, materialen bizitza luza dadin eta zabortegira eraman ez daitezen.

Mercadonaren poltsen berrerabilpena eta birziklatzeaMercadonaren poltsen berrerabilpena eta birziklatzea

Neurri hau 2018an ezarri zen Valentziako, Bizkaiko, Bartzelonako, Kantabriako, Balear Uharteetako eta Ceuta eta Melillako 66 dendatan, eta oraingo helburua da neurri hori kateko gainerako dendetan ezartzea pixkanaka. Prozesu hori otsailean hasiko da Katalunian, Madrilen eta Nafarroan, eta pixkanaka zabalduko da gainerako 1.600 dendetara, apirilaren erdialdera bitartean.

Neurri honen bidez, “Nagusiak” (konpainiak hala deitzen die bezeroei) aukera edukiko du eguneroko erosketa egiteko ohiko errafiazko saskiak (50 zentimokoak), paperezko poltsak (10 zentimokoak) edo poltsa berrerabilgarri eta birziklagarriak erabiltzeko (edukiaren % 50-70 artean plastiko birziklatua dutenak; horiek ere 10 zentimokoak).

Mercadonaren poltsa, % 50-70 material birziklatuz eginaMercadonaren poltsa, % 50-70 material birziklatuz egina

Gainera, konpainiak altzari berri bat jarri du “Nagusiek” elikagai freskoekin erabiltzen dituzten plastikozko poltsetarako, banagailu-sistema berri bat duena, gutxiago xahutzeko. Horrez gain, birjartzeko mekanismoa errazagoa eta intuitiboagoa da orain artekoa baino, eta atal horretako langileen lana errazten du. Halaber, aurreikusita dago poltsa horien ordez material konpostagarrizkoak erabiltzea 2021a baino lehen. Bien bitartean, plastikoaren kontsumoa murrizteko, kendu egin da aurrez mozteko eremua, euskarrian geratzen zen plastiko-kantitatea murrizteko, hura bota egiten baitzen. 

Jasangarritasunaren alde egiteko konpromisoa indartzen du Mercadonak neurri horrekin. Konpromiso horren ondorioz, bere sektoreko lehen enpresa izan zen erabilera bakarreko plastikozko poltsen erabilera gutxiagotzeko neurriak ezartzen (2011n), eta urtebete lehenago (2010ean), plastikoak birziklatzen aitzindari bihurtu zen, SPBerner totaler hornitzailearekin batera etxe-tresnen linea berri bat jartzeko landutako proiektuekin (ontziak, terreinak, erratz-kirtenak eta lanbasak), zeinak berotegietatik berreskuratutako plastikoekin eginak baitira.

Mercadonaren paperezko poltsaMercadonaren paperezko poltsa

Mercadonaren erantzukizun sozial korporatiboarekin bat datorren gizarte-ekintza jasangarria

Mercadonak gizartearekiko dituen konpromisoetako bat da gizarteari itzultzea gizartetik jasotzen duenaren zati bat. Horretarako dauka, hain juxtu ere, Erantzukizun Sozialeko Plana, zeinak hainbat jarduera-ildo jasangarriren bidez jorratzen baititu konpainiaren alderdi soziala eta etikoa, hazkunde partekatuaren aldeko jardunaren sendogarri guztiak ere. Politika horri jarraikiz, Mercadona lanean ari da, besteak beste, Hiri Banaketa Jasangarriaren Proiektua garatzen eta gure hirietako airearen kalitatea hobetzen —kamioi eta furgonetak higiarazteko teknologia garbiagoak eta eraginkorragoak erabiliz—. Horrez gain, bere saltokietan lorategi-estalkiak eta lorategi bertikalak eraikitzen ari da.

Ingurumen-jasangarritasuna da Mercadonaren Erantzukizun Sozial Korporatiboaren beste ildo estrategiko bat. Ingurumena Kudeatzeko Sistema propio bat du, hiru helburu dituena: logistika hobetzea, energia-efizientzia areagotzea eta hondakin gutxiago sortzea. Sistema horren parte batek ekonomia zirkularra du inspirazio-iturri, eta hau du xede: hondakinak berriz ere baliabide bilakatzea, totaler hornitzaileekin elkarlanean jardunez.

Horrez gain, Mercadonak 170 jantoki soziali eta 60 elikagai-bankuri laguntzen die, bai eta Espainia osoko gizarte-ekintzako beste zenbait erakunderi ere, elikagaiak emanez edo elikagaiak jasotzeko kanpainetan parte hartuz. Halaber, bere dendak trencadisezko muralekin apaintzeko, 28 fundazio eta okupazio-zentrorekin lankidetzan jarduten da. Desgaitasun intelektuala duten mila lagunek baino gehiagok egiten dituzte mural horiek.

2009az geroztik, Jasangarritasunerako Banaketaren Europako Foroko (REAP) partaide da Mercadona. Hainbatean behin, erakunde horretako kide guztien jardueraren jasangarritasunaren kanpo-ikuskapenak egin ohi dira. Europako Batzordea ere erakundeko lehendakaritzako kide da. Bestalde, Nazio Batuen Mundu Hitzarmenaren bazkide da 2011. urtetik, zeinak jasotzen baititu giza eskubideen, lan-arauen eta ingurumenaren aldeko eta iruzurraren aurkako borrokaren oinarrizko balioak.