Gure maskotentzako pentsu lehorretan zerealek, tuberkuluek eta lekaleek zer funtzio duten azaltzeko, karbohidratoak aipatu behar ditugu. Ikus dezagun zergatik, eta azal dezagun lotura hori.
Karbohidratoek zer ematen diete txakurrei eta katuei?
Karbohidratoak edo karbono-hidratoak animalien dietako hiru makronutriente-kategorietako bat dira (proteinak eta gantzak dira besteak). Nagusiki, honela banatzen dira:
- azukreak,
- almidoiak eta
- zuntza.
Azukreak eta almidoiak energia-iturri dira organismoarentzat, eta txakurrek eta katuek ondo digeri ditzakete, biek baitituzte heste meharrak xurga ditzakeen unitate sinpleagoetan deskonposatzeko behar diren digestio-entzimak. Horregatik, oso elementu garrantzitsuak dira txakur eta katuen dietan.
Zerealak, tuberkuluak eta lekaleak almidoi-iturri nagusiak dira, eta almidoiak dira maskotentzako elikagaiek izaten dituzten karbohidrato garrantzitsuenak.
Zuntza, berriz, onuragarria da animalien digestio-sistemarako. Zuntza heste lodira iristen denean,hesteetako bakterioek haren zati bat hartzi dezakete energia lortzeko, eta, hala, hesteetako mikrobiota onuragarria haztea sustatzen da; mikrobiota horrek bakterio kaltegarrien garapena murrizten lagundu dezake. Hartzigarria ez den zuntzaren zatiak, berriz, gorozkiak erregulartasunez eta trinkotasun egokiarekin egiten laguntzen du.
Gainera, maskotentzako elikagaietan egoten diren zuntz- eta karbohidrato-iturri nagusiek ere funtsezko elikagai garrantzitsuak ematen dituzte, hala nola bitaminak, mineralak eta gantz-azidoak.
Zereal, tuberkulu eta lekaleek osasun-arazorik sor diezaiekete txakur eta katuei?
Betidanik, zerealak txakurren eta katuen dieta naturalaren parte izan dira, karbohidrato-iturri gisa. Hasieran, ugaztun horiek zereal-aleak jaten zituzten harrapakin belarjaleak ehizatzen zituzten. Beraz, txakurrek eta katuek aspalditik jaten dituzte zereal erdi-digerituak.
Gizakiak etxekotu zituenetik, maskoten metabolismoa pixkanaka egokituz joan da zerealak, tuberkuluak eta lekaleak dituzten elikagaietara. Hori dela eta, haiek erabiltzeak ez du inolako arazorik sortzen animalia horien osasunean, eta ez dago haiek kontsumitzeko inolako kontraindikaziorik.
Bai txakurrek eta bai katuek karbohidratoak digeritu eta asimilatzeko erabat egokitua dute digestio-sistema. Gai dira almidoi egosia digeritu eta azukreetan deskonposatzeko, energia erabilgarriaren iturri gisa.
Maskotetan ez da aurkitu loturarik karbohidratoak hartzearen eta diabetes mellitusaren moduko gaixotasunak izateko arriskuaren artean. Aldiz, obesitatea (bizimodu sedentarioak, elikagai gehiegi jateak, esterilizazioak eta abarrek eragina) badago gaixotasun horrekin erlazionatuta.
Beraz, egokiena litzateke gure txakurrari edo katuari elikagai osoak eta orekatuak ematea, karbohidratoak dituztenak —adibidez, zerealak, tuberkuluak eta lekaleak—, eta elikagaiaren eguneko anoa animalia bakoitzaren beharrizan fisiologikoetara moldatzea (pisua, adina, arraza, jarduera, etab.), gehiegi jan ez dezan.
Beste gomendio batzuk
Elikagai osoak eta osagarriak. Bete zure maskotaren elikatze-gidak dioena.