Birziklatzeko edukiontzi horiaren erabilerari buruzko zalantza ohikoenak argituko dizkizugu.

Ba al dakizu erabiltzen ontzi arinen edukiontzi horia?

2021ko martxoaren 09a

Zalantzak izaten dituzu birziklatzeko edukiontziak aukeratzerakoan? Gaur egun, kolore desberdineko zenbait edukiontzi ditugu hondakinak modu eraginkorrean bereizteko.

Baina, agian, koloreen anabasaren ondorioz, batzuetan ez duzu ziur jakingo nora bota behar dituzun hondakin edo ontzi batzuk. Lana errazteko, edukiontzi bakoitza nola erabili behar den azalduko dizugu Birziklatzeari buruzko oinarrizkoak atalean. Horiarekin hasiko gara; izan ere, nahiz duela bi hamarkada jarri zen martxan, zalantza gehien eragiten duen edukiontzietako bat da.

Guk geuk ere zalantza egiten dugu maiz! Argitu ditzagun!

Zer produktu bota behar dituzu edukiontzi horian?

Batik bat, hauek:

  • Ontzi arinak, hala nola plastikozko botilak eta poteak, latak, tetrabrikak...
  • Plastikozko filma eta aluminiozko papera

Nola bota behar dituzu plastikozko botilak edukiontzira?

Lehenengo, egiaztatu ez dela likidorik gelditzen barruan; gero, zanpatu, eta itxi tapoiaz.

Baina... tetrabrikek kartoia ere badute, ez?

Bai, kanpoaldea kartoizkoa da, baina barrualdea aluminio eta plastikozkoa. Beraz... horira!

Aluminiozko papera, zizka-mizken poltsak, hortzetako pastaren ontziak edo aerosol hutsak ere edukiontzi horretara bota behar dira.

A, eta ez ahaztu beirazko ontzien tapa kentzea, horiek ere edukiontzi horira botatzekoak baitira.

Kontuz: badira bi produktu-mota edukiontzi horretan bota behar ez direnak

Hauek dira edukiontzi horia erabiltzean egiten diren akats ohikoenetako bi:

  • Plastikozko mahai-tresnak: ez dira ontziak, eta Mercadonan erosten dituzunak, gainera, berrerabilgarriak dira. Edukiontzi grisera bota behar dira, haien bizitza erabilgarria bukatzen denean. Beraz, askotan eta askotan erabili ondoren.
  • Kafe-kapsulak: hauek ere ez dira ontziak; legeak elikagai-hondakin gisa sailkatzen ditu (kafe-hondarrak baitituzte), eta, beraz, hobe da garbigune batera eramatea. Mercadonan hasiak gara gure dendetan edukiontziak jartzen kafe-kapsulak jasotzeko eta, gero, birziklatzera bidaltzeko.

Argitu dizkizugu edukiontzi horiaren erabileraz zenituen zalantzak? Hala espero dugu. Beste edukiontziei buruzko informazio gehiago emango dugu laster. Gogoan izan: ondo bereiziz gero, hobeto birziklatuko dugu.